Aitor Sorreluz
Udazkenak aldaketa iradokitzen du. Udako oparotasuna bukatu da, egunak laburtzen doaz eta ingurua berdetasuna galtzen doan heinean horiak, gorriak eta gorri-horiak dira nagusi. Zeruak ere argitasuna irabazten du. Hego-haizeak eta negua badatorrela adierazten duten fronteek zuhaitzei jantzi koloretsuak eransten dizkiete. Hostoak erortzen doaz, ezinbestez. Laster da negua.
Berrogeialditik noiz atera zain daudenek egunak kontatuko dituzte eta orriak egutegitik kenduko. Zifra eta datuak, udazkeneko orbelean pilatzen doazen eguneroko positiboak. Berriro ere ospitaleak betetzen ari direla ikusten duten osasun-langileen nekea metatzen ari den bezala.
Egunak aurrera doaz eta agian buru osasunaren eguna (urriak 10), pobreziaren munduko eguna (urriak 17), misioetako mundu-jardunaldia (urriak 18), agian egun horiek ere egutegian seinalatuta egongo dira. Alzheimerraren eguna irailaren 21ean izan zen. Memoriatik erortzen doazen oroitzapenak, zimeldutako gogorapenez hustutako buru biluziak. Distantzia sozialaren garaian janzten gaituzten hitzik gabeko besarkada eta laztan abegikorrak.
Urriak 4, Asisko Frantziskoren eguna. Gure asmoa berritzeko eguna gure ingurua eta inguratzen gaituztenak arreta handiagoarekin bizitzeko (Laudato Si' iraultza). Egun honen orria ere kendu egingo dugu. Egun bakoitzak berea duela gogoratzeko eguna. Etorkizuna kontrolatu nahi duen neurririk gabeko antsietateari aurre egiteko eguna. Oraindik kendu ez diren orriak.
Bada hilabete kurtsoa hasi zenetik. Orri gutxi batzuk jakintzarekin bete dira, gehienak zirriborroekin...
75 urte Arantzazuko 'takoa' gure etxeetan dagoela, egunen joan-etorria markatuz. Orri bat kendu bestea ikusteko. Antsietatea alde batera uzten laguntzen duen automatismo ederra: orainean jarri arreta eta etorkizunari erne. Uste sendoarekin eta apaltasunez zain egon. Agian gure eta orainaren biluztasunak konfiantza-espazioetan hartzen baitute zentzua. Espazio horietan uzten gara maite gaituzten horiengandik maitatzen. Zeruko Aitak basoetako txoriei jaten ematen badie, nola ez gaitu ba gu zainduko?
Erortzen doazen egutegiko orriak. Zein zoragarria den udazkeneko baso koloretsuetan barna orbelaren gainean soseguz ibiltzea, banan-bana eroritako hostoen gainean. Begiratu dezagun atzera eta saiatu gogoratzen, gure bizitzaren egutegitik erori diren orri gainean ibiliz.